XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) autonomia hori erresistentzia bezala defendatzen duten bitartean, testua irakurgaitz bihurtuz, gerraondoko modernismoak ez du jada erresistentziarik oposatzen eta beraz testuak berriro ere klasiko izatera iragaten dira irakurterrezak klasikotasun honetatik beren aberastasuna ateraz.

Beraz Flaubertenetik Nouveau Roman arte, testuaren zailtasunak bere testualitatea problematizatzen du, literaturaren autonomiaren defentsa nagusi bezala.

Hori genuke modernismo klasikoaren ezaugarririk nagusiena.

Modernismo berantiarrak aldiz, literatura zaildu beharrean erraztu egiten du eredu klasiko ezagunak hartuz.

Baina modernismo garaiak eredu horiek testuartekotasun aberatsez hornitzen ditu, testuartekotasun klasiko honen bidez literaturaren autonomia berriro ere defendatuz, hala nola Borges, Calvino edo Perec-en kasuan.

Modernismo klasikoak bezala, modernismo garaiak ez du literatura zeregin historiko gisa ulertzen baizik eta historiatik at.

Historiagabezia honen lehen efektua literatur tradizioaren balioztapena da.

Alegia, modernismoak literatur tradizioa, bere hasieratik Europan eta beste herritan (Japon, Txina, herri arabiarrak...) egun arte, literaturaren erresuma bakartzat onartzen du.

Tradizio hau ez da historikoki ulertzen baizik eta lehenaldi orokor bezala.

Alegia, literatur tradizioa liburutegi bihurtzen da: historiaren marka guztiak ezabatzen dituen liburutegi oropresentea.

Atxagak berak dioen bezala, literatur tradizio guztiak historiatik at batzen dituen liburutegi alexandriarra dugu literatur tradizioa.

Liburutegi ezhistoriko honetan Erdi Aroko tradizio arabiarra XVIII. mendeko poeta mistiko ingelesekin batera dator, apal desberdinetan baina batera.

T.S. Elioten Eremu idorra, Pounden lehen Kantuak edo Joycen beraren Ulises tradizioaren mailegaketa ezhistoriko honen eredu on dira.

Erromantizismoarekin hasten den mundu-literaturaren deskubrimentu eta dehistorizazio hau, Europaren inperialismoa zabaltzen den ahala gertatzen da.

Alegia, XVIII. eta XIX. mendeko inperialismo europarraren konkistek ahalbidetu zuten lehen aldiz mundua bere orokortasunean pentsatzea, Hirugarren Mundua lehenengoaren menpe ikusten zelarik.

Hala, literatura modernistak ere, mundu literatura liburutegi bakar bat bezala kontzebitzen du, hain zuzen, Hirugarren Mundua ere barneratzen duen lehen munduko liburutegi orokorra.

Lehen aipatu dugun bezala, Atxaga ere lehen munduko liburutegiaz mintzo da.